Dena alde zuenean, Ketak ezin izan zuen borobildu denboraldi guztian egindako lan bikaina. Orain partida gutxi, aukerarik gabe egon ondoren, azken bi partidak irabazi eta esku-eskura zuen play-offetarako sailkapena, baina azken jardunaldiko berdinketak (0-0), laugarren postuan kokatu du taldea behin-betiko.
Zale andana bildu zen Mendibeltzen larunbatean taldeari bultzada emateko baina baloiak sareetan sartu nahi ez duenean ez dago zer eginik. Partida txukuna jokatu zuten getariarrek. Gogoa, ilusioa eta garaipen gosea zuten Ketako jokalariek baina ez zuten asmatu atearen aurrean. Abagune garbiak izan zituzten behin baino gehiagotan atezainaren aurrean baina ez zuten lortu Soraluzekoen atea zulatzerik.
Berdinketaz gain, Zumaiakok garaipena lortu zuen bere partidan eta honen ondorioz, zumaiarrek jokatuko dute promozioko partida.
Denboraldi historikoa amaitu berri du Getariako Ketak. Orainarteko emaitzarik onenak lortu ditu taldeak eta bloke sendoa sortu da Txema Rauleaga buru dela. Lehen denboraldia egin du Rauleagak taldean eta emaitza ezin hobeak izan dira getariarrentzat. Lehenengo helburuetatik haratago, taldean ilusioa piztu du eta lan bikaina burutu du entrenatzaileak.
Denboraldiko azken partida izanik, agurren garaia ere iritsi zen. Orain arte jokalari, kapitain eta taldeko arima izan den Iosu Mujikak jokatzeari utziko dio. Taldea sortu eta dagoen lekuraino eraman ondoren zelaitik kanpo jarraituko du hemendik aurrera zuzendaritza batzordean.
Ospatzeko denboraldia beraz Getariako Ketarena. Orain, ospatu, atseden hartu eta denboraldi berriari begira jarriko da taldea. Zuzendaritza batzordeak, Salanort, BabyAuto eta Mokoroa Txakolina babesleak eskertu nahi ditu emandako babesagatik eta baita astebururo Mendibeltzera hurbildu diren zale guztiak.