Getaria
Getariako webguneawww.getaria.net

UROLA KOSTAKO UDAL ELKARTEAREN KANPAINA HONDAKINEN KUDEAKETARI BURUZ

Urola Kostako Udal Elkarteak kanpaina bat jarri du abian hondakinen kudeaketari buruz. Kanpaina horretan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian esku-orria banatuko da postontzi guztietan.

Orotara, 20.000 ale banatuko dira. Kanpainaren kostua 2.415,16 eurokoa da, BEZa barne biztanleko (0,0573 euro). Esku-oriak banatuko dira ekainaren 11, 12 eta 13an.

KANPAINAREN HELBURUA ETA EDUKIA

Kanpainaren mezu nagusia da "Elkarrekin, arduraz jokatuz", hain zuzen ere hondakinen kudeaketaren arduraz jokatzeko garaia delako, bai administrazio publikoek bai herritarrek.

Gaurko egoera

Esku-orriak erakusten duenez, gaurko egoeraren datuak adierazgarriak dira:

2011n Aia, Getaria, Zarautz, Orio eta Zumaian 18.951.223 kilo hiri hondakin jaso ziren kaleko edukiontzien bidez. Horietatik, %71 Urteta zabortegian bota ziren eta birziklatzera soilik %29 eraman zen.

Gure eskualdean, datuak biribilduta, hamarretik 7 zabortegira doa eta hamarretik 3 birziklatu egiten da.

Zer diote legeek?

Europako Batasunak garbi zehaztu zuen, aspalditxo, hondakinak kudeatzeko zer egin behar den, hurrenez hurren:

  • Aurrena, prebenitu, hondakin gutxiago sortzeko.
  • Ondoren, murriztu ezin dena berrerabili.
  • Gero, birziklatu.
  • Eta, hiru urrats horiek egin ondoren, geratzen diren hondakinetako materialak berreskuratu.

Udalen araubidearen argitara, 2001az geroztik, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek birziklatu daitezkeen hondakinak (hondakin organikoak barne) bereizita jaso behar dituzte.

Amaitzeko, 2012ko maiatzaren 24an Europako Parlamentuak hondakinen kudeaketari buruzko txostena onartu zuen (479 boto alde, 66 aurka eta 63 abstentzio). Txosten horren bidez, Europako Parlamentuak Europako Batzordeari eskatzen dio:

  • Batetik, proposamenak aurkezteko 2014a baino lehen, hondakinen zabortegiak urratsez urrats debekatzeko.
  • Bestetik, EBko exekutiboari exijitzen dio europar araubidean 2020rako jarrita dauden birziklatzeko helburuak berrikusteko eta hamarkada amaitzerako debekatzeko birzikla daitezkeen materialak erraustea.

Zer egin behar dugu?

Egoera hori izanik, zein da irtenbidea? Zer egin behar dugu?

Irtenbidearen oinarriak hauek dira:

  • "Zero zabor" ikuspegiarekin bat egin: Gipuzkoa Zero Zabor.
  • Prebentzioa sustatu, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko.
  • Egoera irauli eta %75 baino gehiago birziklatu.
  • Autokonpostajea sustatu.
  • Zabortegiak urratsez urrats itxi.
  • Errausketarik gabeko kudeaketa sistemak garatu.

Hondakinak atez ate biltzeko sistema

Azken urteotako esperientziak erakutsi duenaren arabera, hondakinak atez ate biltzeko sistemak ageriko abantailak ditu.

  • Gaika jasotzen da hondakinen %85.
  • Emaitza berehalakoa da. Usurbilen 4 astetan %76ra iritsi ziren.
  • Hondakinak gaika biltzeko sistemarik merkeena da.
  • Lanpostu berriak sortzen laguntzen du.

UROLA KOSTAKO UDAL ELKARTEA

Erantsitako fitxategiak:


www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz
Partekatu: Facebook-en partekatu Twitter-en partekatu Google +1-en partekatu Nire Del.icio.us-ko gustukoenetan gorde Nire Google Bookmarks-eko gustukoenetan gorde My Yahoo!-ko gustukoenetan gorde Menéame-ra bidali Zure orrian partekatu
Informa zaitez:
Newsletter-ean alta: