Simone White hawaiarra Getarian izango da uztailaren 29an, Silver Silver album berria aurkezten.
Hiru urte igaro dira Yakimo aurkeztu zuenetik, Simone Whiteren laugarren diskoa Fol Chen taldeko Julian Wass eta Samuel Bing ospetsuek ekoitzi dute, eta aurrekoetan bezalaxe, Honest Jon’s etxe entzutetsuak (Damon Albarnena) argitaratu du.
Estatubatuarraren abesteko modu berezia gozatzeko aukera izango da (ia-ia xuxurlatuz abesten du), bai eta bere konposizio-oinarri hipnotikoa ere. Inolako zalantzarik gabe, Simone gaur egungo folk-rock modurik delikatuenetakoa da.
Hasierako taldea Naica izango da
Naica taldeak Fish Taco lehendabiziko albuma aurkeztuko du. Hondarribikoek zahar izanik ere berri diruditen abestiak berrinterpretatu eta aurkeztuko dituzte, musika elektro-akustikorako klasikoa den formatuan (bateria, baxua, gitarra eta pianoa).
Diskoko hamar abestiak New Yorken asmatu zituzten; hantxe bizi izan ziren denboraldi batez Carlos Noain eta Naia Mandaluniz, taldekideetako bi (Santiago Noain eta Mikel Azkona dira beste biak). Azaleko argazkia Jon Uriarte argazkilari hondarribiarrak atera zuen.
Sarrerak salgai
Sarrerek 13 € balio dute, eta Ticketmaster zerbitzuaren bidez daude salgai. Museoaren lagunek % 10eko deskontua izango dute proposatutako jarduera guztietan. www.ticketmaster.com