SAHATSAGAN LEHENDIK DAUDEN EKIPAMENDU BATZUK HOBETU ETA BESTE BERRI BATZUK JARRIKO DIRA
Kultur eta kirol instalazio modernoak eraikitzea jasotzen du hirigintzako jarduerak
Sahatsagako urbanizazioak 128 etxebizitza eraikitzeko aukera emango du, horietariko asko babes publikokoak, baina ez hori bakarrik, baita eremu hori udal-zerbitzu berriz hornitzeko eta lehendik daudenak hobetzeko aukera ere, Getariako Udalak onarturiko proiektuak jasotzen duenaren arabera.
Hirigintzako jarduketa honekin Udalak Sahatsagan antzemandako gabeziak konpondu nahi ditu, eta eremu honetako bizi-kalitatea are gehiago hobetu. Hala bada, udal-liburutegi berri bat eraikitzea izango da jarduketa horietariko bat, orain dagoenak ez duelako egungo beharrei erantzuteko adina gaitasunik.
Antzeko zerbait gertatzen da Haurreskolarekin ere, eta, hori horrela, instalazio handiago batzuetara lekualdatuko da, 0 eta 3 urte bitarteko haurren kolektibo geroz eta handiagoari erantzun egokia ematearen aldera.
Hezkuntza arloarekin jarraituz, Getariako Udalarentzat nahitaezkoa da Ikastola handitzea, eta, lehen urrats gisa, lokal itxi bat erantsiko dio ikasleei jangelako zerbitzua eskaintzeko, eta eguraldiak laguntzen ez duenean aterpean jolastu ahal izateko.
Jarduketa hauekin batera, belar artifizialeko futbol-zelai berri bat egitea aurreikusten du proiektuak, egungo zelaiak partida bat jokatzeko edo behar bezala ikusteko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituelako.
Aipatu kultur eta kirol ekipamendu hauek guztiek herriko bizilagunen artean entzun eta antzemandako eskariak aseko dituelakoan dago Getariako Udala. Aurtengo urtearen azken aldera ekingo zaie bi urte inguru iraungo duten Sahatsagako urbanizazio-lanei.